Gipuzkoa eta gu

Posted by mikel-asurmendi on Monday May 10, 2010 Under Diputazioa, Euskara, Kirola, Kulturgintza, Politika, gipuzkoa, reala

Gipuzkoa, Euskal Herriaren gotorlekua

Gipuzkoa, Euskal Herriaren gotorlekua

“Gipuzkoa euskararekin bat” izango da Realaren elastikoaren leloa hurrengo denboraldian. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin akordioa lortu du Donostiako klubak, eta 1,2 milioi euro jasoko ditu.
Letra gutxitan joan da albistea, ia oharkabean. Ni berriz zur eta lur utzi nau. Lelo batek 1,2 euro jasoko du.
Euskararekin bat, euskaraz ordea?
Euskararekin bat, euskaraz ordea –Aperribai presidente jauna, erran dezagun bidenabar–?
“Bai euskarari”tik “Euskaraz bai”ra igarotzeko garaia ote?
Azken urte honetan tokiko agerkariak kolokan daude, euskarazko herri aldizkariak, alegia.

Lelo batek baina 1,2 euro balio du. Zenbat balio du herri agerkari batek?
Lelo batek baina 1,2 euro jasoko du. Zenbat jasoko dute euskarazko herri aldizkariek?
Bego horretan!
Gipuzkoa Euskal Herriko lurralde gotorlekua begitandu zait, euskal kontzientzia dudanetik. Bistan denez, gainerako euskal lurraldeek baino aiseago du gotorleku izatea. Itsasoak, Arabak, Bizkaiak, Lapurdik eta Nafarroak babestuta dago –Zuberoa baino babestuagoa, erran dezagun bidenabar–.
Euskal Herria Gipuzkoa balitz, Euskal Herria independentea begitantzen zait euskal kontzientzia dudanetik.
Euskal Herri independentean baina El Diario Vasco litzateke agerkari irakurriena.

Tags : | Comments Off
Serafin Baroja, Donostiako euskal idazlea

Serafin Baroja, Donostiako euskal idazlea

Izorratu egiten dit, hori da egia: gosaltzeko eseri, Bilardo oraindik ailegatu gabe, telebistan Esperanza Aguirre hizketan eta Txarteleko kafetegiko periodiko guztiak besteren esku. Horrelako momentuetan norbaiti labana sartuko nioke bizkarrean edozein egunkari, berdin du, El Mundo, zeinahi, eskura edukitzeagatik. Ni ere, Jose A. Perez bezala, aurreneko kafearen ostean adiskidetzen naiz giza-eskubideekin.

Azkenean El Diario Vasco libratu da. Hartu dut eta hasi naiz Realaren partiduaz irakurtzen. Labur batera begiak: El speaker grito ‘Viva España’ tras dar el once y podría ser expulsado. Juxtu orduan sartu da Bilardo, balantzaka. Uste dut azkenaldian etxetik kargatuta etortzen dela. Uxuala eskatu du, tragoan hustu, berun urtua edaten duenaren aurpegia jarri, eta parean eseri zait.

— Irakurri duzu hau? —galdetu diot— Bai modu bitxia probokatzeko, ezta?
— Probokatu?
— “Viva España” oihukatzea zer da, ba?
— Probokazioa ez, noski.
— Ba, nik esango nuke horretarako egin duela esatariak.
— Hori duk, Bereziartua, oraingo unibertsitarioek ez duzuelako ezer irakurtzen.
— Tira, Bilardo, ez nahi bezainbeste; baina zer edo zer…
— Irakurri behar dena ez! Serafin Baroja ezagutzen?
— Entzuna dut.
— Entzuna… Donostiako XIX. mendeko euskal poetak ez dituk ezagutu ere egiten. Eta klaro, horrela nahastu duk omenaldia probokazioarekin.

Beti bezala, ez dakit zer arraio, kristo edo demoniori buruz ari den. Argibideak eskatu dizkiot. Baita berak eman ere.

— Serafin Baroja, donostiarra, liberala, beste idazle handi baten, Pio Barojaren aita.
— Bai, bai… Baina zer du ikusteko horrek atzoko Salamancakoarekin?
— Ba, gure Serafinen konposizio batekin. Ez al duk Viva España poema ezagutzen?
— Ez ba.
— “Baziaztik gureak/ Rataplan!/ soldadu fin maiteak/ Rataplan!/ manbisak zapaltzera/ beltz zatarrak astintzera. // Mulatu etorkin hori/ Rataplan!/ sudur zanpatu lodi/ Rataplan!/ alfer guztiak nahaspil/ bai mutil/ mando pil/ bota zak Kuba aldetik/ esanaz bihotzetik:/ Viva España!”. Ederra, ez duk hala?
— Ederrisimoa.
— Orain ulertzen duk zergatik esan zian esplikerrak hori? Donostiari eta euskal literaturari egindako omenaldi txiki bat izan zuan.
— Ba, letraren parterik handiena ahaztu zuen, ez?
— Hik gehiegi eskatzen duk. Keinua eduki izana gutxi iruditzen zaik, ala?
— Aukeran nahiago izango nuke beste idazleren baten testua aukeratu izan balu.
— Baina gaur egungo euskal idazle donostiarren artean nor zegok Baroja bezain gertu salamancar arruntaren pentsaeratik?
— Hori esango banizu, Bilardo, eta gero blogean jarriko banu, agian esatariak baino arazo handiagoak izango nituzke.
— Abertzaleekin ibiltzeagatik gertatzen zaik hori.
— Goazen beste zerbaiti buruz hitz egitera.
— Ongi. Beste uxual bat aterako didak?

Tags : | Comments Off