Ez da Agiria izan, baina agiri ona da. Agiria bere testuinguruan, hori da bere indargunea orain. ETAk beste su-eten baten berri eman du terminologia bitxi baten bidez, eta ezker abertzaleak kokatu egin du: Zutik Euskal Herria-k finkatutako testuinguruan dago, Bruselako Adierazpena betetze bidean doa, eta prozesu hau atzeraezina da.

ETAk joan den igandean jakinarazi zuen duela hilabete batzuk “eraso ekintza armaturik ez burutzeko erabakia” hartu zuela eta aurrerantzean ere horrela jarraituko duela. Su-etena batzuentzat eta besteentzat ez. Kontua da atentaturik ez duela egingo eta horrek ahalbidetzen duela ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria agiriaren inguruan eraiki duen estrategia osoarekin jarraitu ahal izatea. Funtsean, azken hilabeteetan so-egile ugarik aipatu duten ETAren isilpeko su-etenarena egiazkoa zela ikusi da orain.

Zergatik orain”eraso ekintza armaturik ez burutzeko erabakia” moduko terminologia zehazgabea? Zergatik ez su-etena argi eta garbi? Zergatik ez da ezaugarritzen erabakiaren izaera? Seguruenik, prozesu berri hau ondo edo txarto atera, erantzunak denborarekin jakingo dira. Orain, su-eten berri honen nondik norakoak ondo eta gertutik jarraitzen dituzten batzuek bakarrik antzemango dituzte agiri honen terminologiaren zergatiak. Edonola ere, hau urrats bat dela argi da eta honek datozen hilabeteetan erreskadan izango diren beste batzuk iragartzen ditu, besteak beste, Bruselako Adierazpenari askoz argiago erantzungo diotena.

Testuinguruaren garrantzia

Une zehatz honetan garrantzitsuena da atentaturik ez dela izango eta horrek esan nahi duela ezker abertzaleak daraman estrategia berriak ateak zabalik dituela eta urratsak gauzatzen ari direla. Inozoenak ere bazekien ETAk ez zuela esango “ados, bukatu da, gaurdanik armak utziko ditugu eta listo”. Espero zitekeen zehaztasun gehiago, hori ere egia da, baina ez da hala izan. Oraingoan, aurrekoetan ez bezala, testuingurua da askoz zehatzagoa, garrantzitsuagoa eta erabakigarriagoa. Hor du bere benetako balioa erakunde armatuaren agiriak.

Gainetik bada ere, konpara dezagun testuingurua azken bi su-eten saioetan zegoenarekin. Lizarra-Garazikoan, ñabardura barik esanda, ETAren su-etenak alderdi abertzaleen adostasun printzipio bati erantzuten zion, alderdiek eraman beharreko prozesu zehatz bati baldintzatua zegoen eta, beti ere, eman beharreko prozesu politikoaren zuzeneko eragile eta zaindari izango zen ETA. Negoziazio prozesua estuki zegoen lotua nazio eraikuntza prozesu zehatz bati. Beste interpretazio ugariren artean, ETAren ustez, EAJ ez zegoen pentsatu bezain konprometitua prozesu harekin eta Lizarra-Garaziko saioak porrot egin zuen.

2006ko martxoaren 26an eman zuen “su-eten iraunkorraren” berri ETAk, orain moduan, bideoz aurkeztutako prentsaurrekoan. Motza eta argia izan zen, sukalde lan handia iradokitzen zuena. Testuinguru nagusia hiru erpinena zen: ezker abertzalea, PSOE eta EAJren arteko negoziazioa. Anoetako Proposamenari esker, aurrerapauso garrantzitsua eman zen eta mahai politikoa eta teknikoa bereizi ziren. Loiolan akordio politikoa atzamar puntetan izan ondoren, saioak porrot egin zuen.

Eta oraingoan zein da testuingurua eta eredua? Testuinguruari dagokionez, ETAren agiriak aditzera ematen ez badu ere, inoizko hoberena: eztabaida prozesu luzearen ondoren, ezker abertzaleko oinarriek aurrerantzean beren borroka “soilik bide politiko eta demokratikoen bidez” gauzatuko dela erabaki zuten. Hau da, erabaki historikoan, funtsean, borroka armatua alboratzea erabakitzen da, aldi berean prozesu burujabezale berri bati haize emanez. Lur soro horretan lurreratu da ETAren oraingo agiria, eta horrek egiten du garrantzitsu.

Negoziazio ereduari dagokionez, egoera nahasiagoa da. Su-eten honen indargune nagusia da ezker abertzaleak bere estrategia berrian kokatu duela; ahulgunea da negoziaziorako mintzakideak prozesu berrira erakarri behar dituela, bai negoziazio politiko baten oinarriak finkatzeko eta, batez ere, gatazka bortitzaren ondorioak finikitatzeko, hau epe motz samarrean gauzatzen hasi beharrekoa gainera.

Eta iruditzen zait, orain garrantzitsuena apurka gatazkaren ondorioena ondo bideratzen hastea dela eta Estatua -orain batez ere PSOE- eta EAJ horretan buru-belarri konprometitzea, behin argi izanda honek ez duela atzera bueltarik. Gatazkaren irtenbide duinarena da hau: konpondu gatazkaren ondorioak eta has dadila aro politiko berri bat euskal gizartean. Euskal gizarteak norabide horretan egin beharko lieke presio eragile politikoei.

Baina bistan da hori gauzatu dadin, esparru politikoa ere mugitu behar dela. Egungo eskeman, gakoa ez da Madrilekin orain autodeterminazioa edo gisakorik negoziatzea. Ez da hori prozesuaren arrakastaren giltzarria. Muina mugimendu edo prozesu soberanista indartsua abiaraztea da, epe ertainean euskal esparru politikoa irauli dezakeena eta, batez ere, orain ezker abertzaleko sektore uzkur eta mesfidatienak prozesu honetara biltzea bideratuko duena. Hor kokatzen da ezker abertzalea eta EAren arteko akordio estrategikoa, edota Aralar eta Alternatibarekin diren elkarrizketak.

Ezer ez da berdin

Bi agiri eta bi mahai izan ziren joan den igandean. ETAren agiria ezin zen modu isolatuan irakurri, berau interpretatzeko ezinbestekoa zen ezker abertzaleko lau pertsonek Donostian arratsaldeko 4retan emandako prentsaurrekoa jarraitzea. ETAk aipatzen ez zituenak zehaztu ziren bertan, eta gainera erakunde armatuaren agiria testuinguru politikoan kokatuz. Batetik, prentsaurrekoaren lehen segundoetatik azpimarratu zen ETAren erabakia aldebakarrekoa zela, mugagabea eta baldintzarik gabekoa. Bestetik, gertaera kokatzen zen: “Zutik Euskal Herria” agiriak jarritako prozesu demokratikoaren baitan dago, ezker abertzaleak bere erabakiak berresten ditu eta tresna gisa Bruselako Adierazpenaren balioa gogorarazten du. Ezker abertzalearen lidergoa non dagoen argi adierazi nahi izan zen, eta irudi aldetik bederen lortu zen.

Alde horretatik pentsa liteke ezker abertzalearen baitan ere badirela tentsioak. ETAren agiriaren ezaugarrietan oinarrituta, esango nuke ez dela erakunde armatuak gusturen idatzitako komunikatua. Hortik zehazgabetasun, ahulezi eta abarrekoak. Horrexegatik da hain garrantzitsua testuingurua, Zutik Euskal Herria agiriaren ondoren dagoeneko ezer ez delako berdin izango, izan prozesu hau arrakastatsu edo ez. Arrakastatsua bada, euskal politika beste parametro batzuetan kokatuko da eta egoera politiko osoa berregituratuko da. Porrot egiten badu, ezker abertzaleak beste zatiketa baten arrisku handia izango du. Eta arrakastatsua bada agian ere bai. Hori da saihestu beharko litzatekeena, eta hori da agian batzuei komeni ez zaiena eta polizi estrategiarekin bultzatzen ari direna.

Ezker abertzaleak bi mamu handi ditu bere ibilaldi honetan. Lehena, barne kohesioa, ziklo politiko berria irekitzeko euskal gizartearentzat ere funtsekoa dena. Bigarrena, ea lortuko duen 50 urteko kapital politikoa ondo txertatzea egoera berrian, hori funtsezkoa baita aliantza berriekin batera prozesu soberanista indarrez abiarazteko.

Hurrengo urratsak

Partidu berri hau hainbat eremutan ari da jokatzen, eta apurka sendotzeko hurrengo urratsak gauzatu behar dira alor horietako bakoitzean. ETAri dagokionez, bistan da Bruselako Adierazpenari modu osoago batean erantzun behar diola. Berrikuntza nagusiena etorriko da ETAk bere su-etena egiaztatzeko pausoak onartzen dituenean. Hori historikoa litzateke eta, une honetan, prozesu honen osasunaren adierazlerik garrantzitsuena. Baina badu logika pentsatzeak aurretik ETAk bere “eraso ekintzarik gabeko” egoera hau su-eten sendo bihurtuko duela. Izatekotan datozen hilabeteetan izango da hori, azkar samar.

Azkar samar, datorren urteko udal eta foru hauteskundeak gainean direlako eta ezker abertzaleak horietan egoteko ahalegin osoa egingo duelako. ETAk Bruselako Adierazpenari baiezko osoa emateaz gain, ezker abertzaleak ETArengandik bereizteko zenbait formuletan sakondu beharko du, datorren maiatzerako ETA ez baita desagertua izango. Hauteskundeei begira, badirudi formula berriren bat gauzatuko dela, EAEn ez bada Nafarroan. Ez dakit zein moldetan, baina logikoena da pentsatzea egoera berri hau hauteskundeetan ere indarrez islatuko dela.

2006ko su-eteneko prestakuntza lanekin “oraingoan bai” irudikatu zen euskal gizartean eta ondorengo porrota latza izan zen. Oraingoan mesfidantza handia dago, sumatzen da eta normala da, baina egoera ahalik eta hotzen aztertuta, inoiz baino arrazoi gehiago dago “oraingoan bai” esateko. PSOE eta EAJ berriz ere prozesuan murgiltzea funtsezkoa da gatazkaren polizi irtenbidea baino, euskal gizarteak behar duen irtenbide duina gailendu dadin. Brian Currin, EA, Jesus Egiguren eta beste eragile askoren lana zein garrantzitsua den argiago irudikatzen da orain. Bada arrazoirik pentsatzeko isilean pauso garrantzitsuagoak ematen ari direla. Negoziatu beharrekoei dagokienez behintzat, askok pentsatzen dute saio hau besteak baino azkarragoa eta isilagoa izango dela. Ezker abertzaleak laguntza behar du prozesu hau osorik buka dezan, eta horrek ez du esan nahi bere estrategia osoarekin bat egin behar denik, baina bai ezin zaiola makilarik jarri gurpiletan.

Tags : | Comments Off

BBCren primizia eta ETAren mezulariaren aitortza

Posted by Sustatu on Monday Sep 6, 2010 Under Politika

BBCko Clive Myrie kazetariak eman zuen atzo Donostiatik BBCk ETAren bideoa eta iragarpena osatzeko prestaturiko albistea. Eta gaur goizaldean, artikulua argitaratu du bideoa eta primizia nola jaso zituen azaltzen. Pertsonalki berak jaso zuela ETAren mezulari batengatik. Pertsona horrek gatazkaren inguruan aitortu zizkionak ere kontatu ditu Myriek artikuluan. Euskararatu egin dugu hemen.

Tags : | Comments Off

Donostiako hotelekoen protagonismoa

Posted by xabier-letona on Sunday Sep 5, 2010 Under Politika, Su-etena, Zutik Euskal Herria, eta, ezker abertzalea

Hau ez da Agiria, baina agiri ona da. Hori da gutxi gora-behera ETAk gaur emandako berriari  egin zaion balorazio orokorra. Espero zen zerbait eta etorri da. Aspaldi esaten zen ETA iragarri gabeko su-eten batean zegoela, eta gaur hala zela iragarri du. Bai, badakit  zehazki  “eraso ekintza armaturik ez burutzeko erabakia” esan duela eta horrek izango duela esanahiren bat  prozesuaren nondik norakoak gertutik eta zehatz-mehatz ezagutzen  duenarentzat. Baina gehienontzat ez. Une honetan garrantzitsuena da atentaturik ez izatea eta  ETAk hori bere erabakia dela jakinaraztea. Horrek ezker abertzaleak iaz Altsasuko Adierazpenarekin zabaldutako prozesuak aurrera jarraitzea ahalbideratzen du.

Bai, borroka armatuaren amaiera iragarri izan balu hobe, baina bagenekien ez zela horrela izango. Eta ez bete-betean, baina neurri baten erantzuten dio Bruselako adierazpenari. Ixilpean, gainera, gehiago ere izango da, aurreko prozesuetan beti izan da horrela. Hurrengo urratsean, ETAri dagokionez bederen, hitzezko su-eten sendoa eta nazioarteko eragileen egiaztatzearena ikusi beharko litzateke.  Hau prozesu bat da, halako diseinu bat du eta ezker abertzaleak unean uneko agerpen sendoen beharra du, sinesgarritasuna irabazten jarraitu eta Zutik Euskal Herrian esaten dena gauzatzen ari dela gizarteratzeko.

Alde horretatik, gaurko eguneko gertaera garrantzitsuena zera da agian: ETAk adierazpenean esaten ez duena ezker abertzaleko zuzendaritzak Donostiako prentsaurrekoan hasiera-hasieratik zehazten duela: ETAren erabakia aldebakarrekoa da;  ez du eperik, beraz mugagabea da; eta ez du baldintzarik.  Ez hori bakarrik. Irakurketa politikoa ezker abertzaleko politikariek egin dute: hau prozesu demokratikoa sendotzera dator eta bizi dugun blokeoa gainditzen laguntzen du, Zutik Euskal Herrian esaten zena indarrean da eta prozesu hori atzera ezina da. Eta tresnei dagokionez, garbi utzi du Bruselako Adierazpena klabea dela. Hortik samur ondoriozta daiteke, esaten ari zaiola ETAri lehenago edo geroago bete egin beharko duela bertan adierazten dena. Baina ez berak bakarrik, jakina, baita beste eragile askok ere, batez ere Espainiako Gobernuak.

Berri bikaina eta urrats sendo bat gehiago, ondorengo egunetan ere aletzen jarraituko duguna.

Tags : | Comments Off

ETAren azken (aurreko) agiria

Posted by mikel-asurmendi on Sunday Sep 5, 2010 Under Politika, Su-eten, eragile politikoak, normalizazio politikoa

ETAren azkeneko agiriaren zain ginen aspaldion, eta iritsi da, antza, ETAren azken-aurreko agirietako bat.

Ni neu, hondartzan egongo nintzelakoan, bazkaria etxean prestatzen harrapatu nau agiriak.  Gainerako zortzi bazkaltiarrek –eta euskal herritarrek– ez dute agiriaren berririk orainokoan izan. Urrun daude, alegia. ETAren agiri bat dela-eta, mahaia utzi behar dudala erran diet: “Lankide batek deitu dit, agiri berriaren gainean zerbait idatz dezadan”.
Berriak ez ditu aztoratu bazkaltiarrak. Ez dira euskal herritar guztiak, baina adibideak balio dezake laginerako.

Atzo, Zaldieroaren De Rerum Natura-n Non dago la pelota basqua? komiki tiran, pilotak ETA erakundeko bi buruzagi baztertuak eta zokoratuak zituen: “Egoera hau pixka bat itogarria da” zioen batek. “Bai” berresten zuen besteak.
Bazkaltzen hasiak ginela erran dut. Sarrerakoak jan ditut, agiria irakurri dut, eta zer erran dezaket?

Nire ustez, uste xume eta apalean –barkatu horrenbeste umilazioa– ETAk ez du osagai berririk ekarri mahaira –hau ez da analisia politikoa, bistan da–. Erran dezagun, dezadan, pilotari nola halako zartada jo diola gainerako eragileen teilatura botaz. Izan ere, ETA eragile baita izan. Igande eguerdian klase politiko guztia lanean jarri du ekintza armaturik egin gabe –jokaldi taktikoa inolaz ere–.

Banoa mahaira azkar demonio, nire bigarren platera garraztu baino lehenago. Bazkariaren digestioa nahastuko dizkidaten gainerako eragile politikoen osagaiak ez ditut entzun, irakurri eta usaindu nahi ere.

ETAren azkeneko agiriaren zain ginen aspaldion, eta iritsi da, antza, ETAren azken-aurreko agirietako bat.

Ni neu, hondartzan egongo nintzelakoan, bazkaria etxean prestatzen harrapatu nau agiriak. Gainerako zortzi bazkaltiar –eta euskal herritarrak– ez dira agiriaren berririk izan. Urrun daude, alegia. ETAren agiri bat dela-eta, mahaia utzi behar dudala erran diet: “Lankide batek deitu dit, agiri berriaren gainean zerbait idatz dezadan”.
Berriak ez ditu aztoratu bazkaltiarrak. Ez dira euskal herritar guztiak, baina adibideak balio dezake laginerako.

Atzo, Zaldieroaren De Rerum Natura-n Non dago la pelota basqua? komiki tiran, pilotak ETA erakundeko bi buruzagi baztertuak eta zokoratuak zituen: “Egoera hau pixka bat itogarria da” zioen batek. “Bai” berresten zuen besteak.
Bazkaltzen hasiak ginela erran dut. Sarrerakoak jan ditut, agiria irakurri dut, eta zer erran dezaket?
Azterketa politikoa egiteko osagaiak –hala izanik ere, nekez– ez ditut artean.

Nire ustez, uste xume eta apalean –barkatu horrenbeste umilazioa– ETAk ez du osagai berririk ekarri mahaira.
Erran dezagun, dezadan, pilotari nola halako zartada jo diola gainerako eragileen teilatura botaz. Izan ere, ETA eragile baita izan.

Banoa mahaira azkar demonio, nire bigarren platera garraztu baino lehenago. Bazkariaren digestioa nahastuko dizkidaten gainerako eragile politikoen osagaiak ez ditut entzun, irakurri eta usaindu nahi ere.

Tags : | Comments Off

ETAk eraso ekintza armaturik ez burutzea erabaki du

Posted by Sustatu on Sunday Sep 5, 2010 Under Politika

BBCri aurreraturiko adierazpen batean ETAk jakinarazten du hilabete batzuk direla eraso ekintza armaturik ez burutzeko erabakia hartu zuela. Agiriak dionez Independentismoaren proiektu estrategikoaren artikulazioan "urrats sendoak emateko garaia da". Komunikatu osoa ekarri dugu hona.

Tags : | Comments Off

La rentrée

Posted by mikel-asurmendi on Saturday Sep 4, 2010 Under Euskara, Ikasturtea, Kurtsoa, La rentrée, Politika, gizartea, natura
Kurtso oro ikasturte ote?

Kurtso oro ikasturte ote?

Iraila, ira, iratze edo garoaren hilabetea, buruila ere deitua.
Haritz-iratze. Iratze ar. Iratze arrunt. Iratze eme. San Joan iratze. Orrazi-iratze. Sorgin-iratze… Horra iratze sorta! Iraila idatzi eta erranairu berriak heldu zaizkit gogora: “Irail gorrail”, “Irail horail”, “Irail mirail”…
“Esaera zahar edo errefrau bat iruteko bi adiera beharko lituzke idatziak”, pentsatu dut. Hala izanda ere, gaur egunean osatutako esamoldea “esan berria” liteke? Hau da, noiz bihurtzen da esaera bat esaera zahar? Esaera berria, noiz bihurtzen da errefraua? Esaera berria errefraua al da? Dena dela ere, saia nadin esaera berriak iruten: “Irail gorraila, eguzkiaren miraila”. “Irail horaila, ilargiaren miraila”, “Apiril jorraila, irail arraila”.

Ez dakit esamolde horiek nik asmatuak diren. Egokiak badira,  erran dezagun, esan zaharrak direla eta txarrak badira, nik asmatuak. Neronek asmatutako esaera txar berriak.

“Arrail” hitza bitxia da. Arraildua, mozkortua egotea da Iparraldean. “Arraileria” berriz, txantxa edo burla da. Lasai baina, ez nago arraildurik eta ez nator arrailerietan. Besterik gabe, neroni, Bidasoaz goi-aldean, iraila la rentrée delakoaren hilabetea dela gogoratzera nentorren. Eleen jorran burua arraildu zait ordea. La rentrée delakoan ahula(go)ak eta nahasia(go)ak izaten gara nonbait.

La rentrée udako oporraldiaren ondoren, ikastetxeetara itzulera adierazteko espresioa da. Frantzian politikariek ere erabiltzen dute euren itzulera izendatzeko. Adierazpideak Iparraldetik Hegoaldera bide egin du azkeneko urteotan. Hegoaldean ere, buruak huts egiten ez badit, EAEko –herri bat izendatzeko eufemismoa– Patxi Lopez lehendakariak, ekinaldi edo ibilbide politiko berriaren hasiera izendatzeko La rentrée erabili duelakoan nago. Alegia, kurtso politiko berriaren abiaburua izendatzeko.

Kurtsoa bere jatorrian –ibai bateko– urak seinalatutako ibilbidea da. Kurtso, gero, gure erdaratan, ikaskuntza aldiari deitu eta deitzen zaio. Euskaraz ikaskuntza aldiari ikasturtea deitu eta deitzen zaio. Hitz egokia deritzot bistan da, bistan denez. Alabaina, inertziaz edota ignorantziaz,  uda ondoren hasten diren ekitaldi edo kurtso ia guztiak ikasturteak bihurrarazi ditugu.

Esaterako, irailean ikasturte politikoa hasten da urtero. Alta bada, inkestek diotenez, politikari (ia) guztiek urtero-urtero ez dute bosteko nota gainditzen, hots, ikasturte oro suspenditu egiten dute. Eta halere, ikasturte berrian denek segitzen dute kurtsoa gainditu izan balute bezala.

Kurtso berriari ikasturte deitu dakioke. Baina, esaera zaharrak dioenez “Oro ez da urrea”. Eleen jorran burua arraildu zaidala errana dut jada. Hara, honelako zerbait adierazi nahi nuen: “Oro ez da urrea” beraz “Irail, arrail eta jorrail”.

Tags : | Comments Off

Bizitzako beste egun bat baino ez zen gaurkoa, guztion genbiltzan urduri xamar Aselen epaiketaren bukaera zela eta, sententziaren zain. Kitarra punteo bat, mobileko doinua zen. Halako batean, hotzikara batek bizkarrezurrak zeharkatu zituen argiaren abiadan. Epaia atera da, Erruduna. Txileko justizia sistemaren arabera, Aselek delitua burutu du Arma eta lehergailuen kontrolaren legea urratuz. Badirudi hitzak eta adierazpen askatasuna Txileko gobernuarentzat arma hilgarriak direla, Aselen etxean aurkitutako arma bakarrak bait dira.

Egoera hausnartuz, Asel Aske plataformatik hurrengoa adierazi nahi dugu:

  1. Errundun jotzeak ez du esan nahi kartzelaratuko dutenik. Bakarrik esan nahi du ez dutela libre utziko besterik gabe. Aitzakia izan daiteke Txiletik kanporatzeko.
  2. Asteartera arte ez dugu jakingo egiatan zergatik jo duten errudun, eta zein den zigorra. Alde horretatik, pazientzia eduki behar da.
  3. Guk badakigu ez dela erruduna. Beraz, gaurtik bertatik hasiko gara salatzen ebazpena, hemen eta nazioartean, Asel errugabea delako adierazteko.

Jo ta su arituko gara behin eta berriz gure lagunaren errugabetasuna aldarrikatzen eta frogatzen. Txileko justizia sistemaren sententzia Erruduna izan arren, gurea guztiz kontrakoa da, urtarrilean bertan kaleratu genuen sententzia berbera: Errugablea delako, Asel Askatu!

Burua hotz mantentzeko garaia da, baina odola bero. Aselen askatasuna lortu arte ez gaitu ezerk geldituko. Hori dela eta, prestatu dugu bere aldeko hurrengo ekimena:

Kontzentrazioa
Data: Irailaren 7ko (asteartea) 19.30etan.
Tokia: Bilboko plaza borobilean.

Aselek gure berotasuna eta elkartasuna behar ditu, berak eta guztiok bertan itxaroten zaituztegu.

Gogora ezazue informazio gehiagorako www.aselaskatu.org webgunea daukazuela zuon eskura.

Tags : | Comments Off

Hau da biharko prentsa Bermeon

Posted by Dabid Martinez on Thursday Sep 2, 2010 Under Politika, aktibismoa, aselaskatu, berriak, cultura libre, euskal herria

Eta ez, ez dut the Gimpekin egin… Nahiago nuke egunkari honek bihar kalea ikusi behar izango ez balu.

ErruGABEA delako, ASEL ASKATU!

Elkarbanatu

Tags : | Comments Off

Asel Luzarraga errudun jo du Txileko Justiziak

Posted by Sustatu on Thursday Sep 2, 2010 Under Politika

Etxean lehergaiak egiteko materiala izatea egotzi dio Txileko Justiziak Asel Luzarraga blogari , idazle , itzultzaile eta musikari euskaldunari. Txileko Arma eta Lehergailuen Kontrolari buruzko Legea urratu duelakoan 5 urteko kartzela zigorra eskatu du Fiskaltzak, eta astearte arratsaldean jakinaraziko dute zein zigor jarriko dioten. Abenduaren 31n atxilotu zuten Asel Luzarraga.

Tags : | Comments Off

Ez, ez dira berdin

Posted by Dabid Martinez on Tuesday Aug 31, 2010 Under Politika, aselaskatu, bit itsasoa, etica, euskal herria, free, jendartea

Ez

Ez dira berdin barroteak.
Ez dira berdin barrutik,
ala kanpotik ikusita.
Barroteak ez dira berdin.

Askotan kanpoan dagoena
dago benetan giltzapetuta.
Preso.

No

No son iguales los barrotes.
No son iguales vistos desde dentro,
o vistos desde fuera.
Los barrotes no son iguales.

Muchas veces lo de fuera
es verdaderamente lo que esta bajo llave.
Preso.

Iturria: http://zuzeu.com/2010/03/25/gatazkaz-askatasunaz-bi-berba/

Elkarbanatu

Tags : | Comments Off